Esnearen Kolorekoa
2024KO URTARRILAREN 16A
'ESNEAREN KOLOREKOA'
Konpainia:Tanttaka. Egilea, egokitzapena: Nell Leyshon. Itzulpena: Aizpea Goenaga. Zuzendaritza etaeszenografia: Fernando Bernues. Zuzendari laguntzailea: Dorleta Urretabizkaia. Antzezleak:Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramon Soroiz. Argi diseinua: David Bernues. Jantziak: Ikerne Gimenez.Lekua: Bastero kulturgunea, Andoain. Eguna: urtarrilak 12.
Lankideak baikor etorri ziren Urnietako aurrestreinalditik, 2023-2024ko denboraldiko ekoizpen indartsuenetako bat izango dena ikusi zutela esanez. Ez galtzeko gomendatu ziguten, ikusle gehienen gustukoa izango den kalitate handiko lana zela. Eta zuzen zebiltzalakoan nago, Tanttakakoek 40 urteko ibilbidean ikasitako ahalmen zein jakintza teatrala biltzen baitu Esnearen kolorekoa antzezlanak.
Oraintxe iritzi horren justifikazioa. Nell Leyshonen eleberri baten egokitzapena dugu antzezlana, gurean Irene Aldasorok euskaratu zuena 2018an, Alberdania argitaletxeren eskutik. Kontua, beraz, ez da zer kontatzen den, baizik eta teatralki nola kontatzen diguten; hau da, ea testua oholtzara ekartzea merezi izan duen, ea Leyshonen testuari mesedegarria suertatzen zaion teatraltasunez bustitzea. Eta erantzuna baiezko borobila da.
Maryk (Aitziber Garmedia), protagonista nagusiak, bere bizitzaren lekuko izendatzen gaitu ikusleok. Laburrean: 1831. urtean, baserritar familia analfabeto baten alaba herren eta albinoa bikarioaren etxera bidali du aitak, zerbitzari. Aitaren jipoiak jaso ohi zituen eta aitona gozo zaintzen zuen neskatilak bere borondatearen kontra utzi behar du familia, neskame aritzeko. Irakurtzen eta idazten jakitea zuen Maryk desiorik handiena, eta lortuko du, baina baita larrutik ordainduko ere. Generoaren eta klase gatazkaren ikuspuntutik aztertzeko asko ematen duen biografia dugu berea.
Istorio mamitsu hori —hona meritu handietako bat— espazio eszenografiko anbiziotsu baten magalean datorkigu bilduta, ikusleen begien gozamenerako: aulki zurien pilaketa hondoko paretaren kontra, bertan sortzen diren itzalak, ikuskizunean zehar gauzatzen diren tonalitate aldaketak —zoragarriak goiz albaren koloreak irudikatzen dituztenak— eta zoruaren azal zuria. Merezimendu handikoa da, halaber, eszena aldaketak markatzeko argien antzaldatzea, eta altura ezberdinetan paratutako alde bateko fokuen aldeko hautua egin izana.
Hartara, mimoz diseinatutako lekuan haragitu du antzezle taldeak istorioa, erritmoari mesedegarri zaizkion ezker-eskuin eginiko joan-etorriak zein publikoari begirako Maryren bakarrizketak. Eneko Sagardoiren Moto membra alde batera utzita, nik esango nuke gurean ez direla ohikoak protagonismo nagusia aktore bakar baten eskuetan uzten duten talde antzezlanak. Esnearen kolorekoa, aldiz, bere maila erakusteko erabili dezake Aitziber Garmendiak, ez baita oholtzatik ateratzen. Txalotzekoa da pertsonaiaren konposizioan lortutako oreka. Antzezpen mailan ondo antzematen ziren bai Garmendiaren eta beste lankideen arteko energiaren zirkulazioa, bai tonua nola kutsatzen zioten elkarri, baita lankideen arteko elkarrizketetan entzuketaren arreta ere. Hori guztia, aktoreen talentu eta zuzendaritza lanetan ibili direnei esker. Konplizitate une ederrak izan ziren, oro har; preziatuenak, Jose Ramon Soroizek eta Mireia Gabilondok eskaini zizkigutenak. Bejondeizuela!
Sinopsia
Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Liburuetan «marra beltz pila bat besterik ez» ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.
Leyshonek, edertasun tragiko batez, mikrokosmos ikaragarri bat irudikatu du, pertsonaia bereziz betea; hori guztia, urtaroen eta baserriko lanen konpasean isurtzen den ingurune bukoliko batez inguratua, eta Maryren ahaleginari esker, inozentzia urragarriz bizia hartuko du, hartutako patuari buruzko testigantza idatzi bat utziz uko egiteko aukerarik gabe.
Fitxa
Egilea: NELL LEYSHON
Zuzendaritza : FERNANDO BERNUÉS
Itzulpena : MARIANO PEYROU
Antzesleak:
JOSEBA APAOLAZA
MIREN ARRIETA
MIREIA GABILONDO
AITZIBER GARMENDIA
JON OLIVARES
JOSE RAMÓN SOROIZ
Eszenografia:FERNANDO BERNUÉS
Jantziak: IKERNE GIMÉNEZ
Argiztapen Diseinua: DAVID BERNUÉS
Teknika: ACRÓNICA PRODUCCIONES
Administrazioa:MAITE GORROTXATEGI
Ekoizpen exekutiboa: ANE ANTOÑANZAS
Ekoizpena:PAOLA EGUIBAR
Banaketa:PORTAL 71
Hurrengo emanaldiak
Del Color de la Leche
Noain
Del Color de la Leche
Torrejon
Del Color de la Leche
Ponferrada
Del Color de la Leche
Valencia
Esnearen Kolorekoa
Elgoibar
Esnearen Kolorekoa
Altsasu
Esnearen Kolorekoa
Mutilva
Esnearen Kolorekoa
Elorrio